Bat, ez da osora heltzen. 'Bi' ostera, Bi t'erdi.
Mendiko eskia

Mendiko eskiaren festa, gainezka

Urtarrilaren 31n eta otsailaren 1ean jokatuko da Altitoy Irekia, Luz Ardiden eta Tourmalet inguruetan; Euskal Herriko Txapelketa ere izango da eta bostehundik gora eskizalek eman dute izena.
info+: www.altitoy.com
http://altitoy.blogspot.com/






Bete-beteko negua izaten ari da aurtengoa. Elurrak aspaldian zuritu zituen Pirinioak, eta neguko kirolak gustuko dituztenek badute non gozatua. Euskal Mendizale Federazioak (EMF) bigarren urtez antolatu du Altitoy Irekia, mendiko eskiaren festa izan asmo duen proba. Urtarrilaren 31n eta otsailaren 1ean jokatuko da, Luz Ardiden eta Tourmalet inguruetan, eta festa handia izateko osagai nagusietako bi prest dituzte dagoeneko: elurra eta eskiatzaileak. Izena emateko eskaera kopuruak gainditu egin ditu antolatzaileen aurreikuspenak -bostehundik gora lagunek eman dute izena-, eta mendiko ibilbide dotoreak prestatzeko adina elur geruza aspaldian pilatu dute mendiek. «Pirinioetan ez da halako beste probarik antolatzen. Oso herrikoia da, eta ibilbide bereziak prestatzen ditugu, erabat alpinoak. Garai bateko zeharkaldi tradizionalak berritzeko modua da», argudiatu du lasterketaren sendotzea Andoni Areizagak, antolatzaileetako batek. Eguraldiak laguntzea behar dute orain.

Izen ematea laster ixteko asmoa dute, eta antolakuntzak CEVEO egoitzan hartutako lekuak agortu dira. Parte hartzeko asmoa dutenek azken aukera dute egunotan, baina lotarako lekua beren kasa lotu beharko dute -informazioa www.altitoy.com webgunean eskura daiteke-. Jatorri anitzeko eskiatzaileek eman dute izena. Euskal Herriko Txapelketa jokatuko da Altitoyrekin batera, eta euskal eskiatzaile asko izango dira bertan. Haiekin batera Frantziatik, Espainiatik, Andorratik eta Herrialde Katalanetatik joango direnak. Eskiatzaile kopuruari aurre egin ahal izateko lana biderkatuko zaie orain.

Zazpi urte dira Euskal Mendizale Federazioak (EMF) mendiko eskiko probak antolatzeari ekin ziola. Mendira eskiak jantzita joatea ez zuten arrotza mendizale askok, bai, ordea, lasterketa eta lehiaketarako joera. Hutsune hori betetzeko asmotan ekin zion EMFk lasterketen egutegi bat prestatzeari. Zailtasunak zailtasun, iazko neguan egin zuten urratsik handiena: kirola jendeari ezagutarazteko egonaldi eta ikastaro bat prestatu, eta Altitoy Irekia antolatu zuten. Probari herri izaera ematea zuten helburu, lehiaketa hutsetik harago joan eta mendizaleei nahiz eskizaleei mendiko eskia ezagutaraztea. Horiek horrela, bi ibilbide prestatu zituzten: lehiaketara bideratutakoa bat (A) eta lehiaketarik gabekoa (B) bestea. Hirurehundik gora eskizalek parte hartu zuten.

2009ko Altitoy Irekiak eredu horri eutsiko dio aurten. A lehiaketa ibilbidea aukeratzen dutenek Midi Bigorre mendiari itzulia emango diote larunbatean, eta Ardiden lakuen inguruan ibiliko dira igandean. Berrehun lagunek eman dute izena ibilbide horretan. Herri ibilbidea aukeratu dutenak, aldiz, hirurehundik gora dira. «Ibilbide tekniko eta seguruak prestatu ditugu eta jendeari gustatuko zaizkio: ertzak, korridoreak... eski pistetatik kanpo joango gara eta hori eskertzen du jendeak», dio Areizagak. Izan ere, beren kasa edota lagunekin joanda ausartuko ez liratekeen lekuetan eskiatzeko aukera izaten da Altitoy askorentzat. Antolaketa eredugarria, ibilbideen dotorezia eta parte-hartzaileen segurtasuna dira antolatzaileen kezka nagusia.

Gabonetan egonaldia eta ikastaroa antolatu ditu aurten EMFk, eta arrakasta bete-betekoa izan da. Guztira, 84 lagunek parte hartu zuten ikastaroetan; haietako gehienak mendiko eskian aritu gabeak ziren. «Jende berria eta, batez ere, gazteak etortzea poztekoa da; Euskal Herrian kirola gustuko izan dezaketenak asko dira eta etorkizunean hortik jo behar dugu», azaldu du Andoni Areizagak.

info+: www.altitoy.com
http://altitoy.blogspot.com/

Bat, ez da 'bat'-era heltzen, bi, ostera, bi t'erdi.

0 komentario:

Argitaratu iruzkina

Blogger zerbitzuak eskainia.